Udako Euskal Unibertsitatea
Transmedia gako-hitz bihurtu da egungo komunikabideetako profesional eta adituentzat. Audientzien engaiatzea xede duten hainbat komunikazio-estrategia biltzen ditu termino horrek, eta xede horretan noranzko berriak markatzen ditu egungo media-produktuen diseinuan eta hedapenean.
Transmedia-praktikek fikzioan izan dute hastapena, baina fikziotik kanpo ere garatu dira azken urteotan: informazioan, publizitatean, irakaskuntzan eta kulturaren beste eremu batzuetan ere urrats sendoak egin dira. Lan honetan, informazioaren alorrean jarri dugu arreta, zehazkiago gaurkotasun-edukiak zabaltzen dituzten produktuetan: web dokumentalen, web telebistetako ikus-entzunezkoen, web irratigintzaren eta gizarte-mugimenduen transmedia komunikazio-estrategietan.
Hainbat ikerketa- eta praktika-eremutatik begiratu diogu transmediari. Informazioaren alorrean media-produktu bat diseinatzean eta planifikatzean zenbait funtsezko ikuspegik osatu dute begirada hori: kazetaritza informatiboaren kudeaketatik, diseinu grafikotik, narratologiatik, audientzien parte-hartze estrategiatik, finantzaketatik, ikus entzunezkoen programaziotik, diseinu linguistiko-diskurtsibotik eta dokumentalgintzatik ere.
Nazioarte mailan zein Euskal Herrian abian jarri diren transmedia-praktikak bildu ditugu testuliburu honetan. Praktika horietan, komunikazio-estrategien berrikuntzak aztertu ditugu egileok, nork bere alorretik.